Bisita gidatu

Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko orrian, edozein herritarrek azken urteetako kontuen edozein lerro aurki dezake, klik gutxi batzuk eginda, modu bisualean eta taulaz betetako orrialde pila bat pasatu behar izan gabe. Orri hori kontsultatzen duzun lehen aldia bada eta ez badakizu nondik hasi, bisita gidatu sinple honetan lagunduko dizugu.

Kopuru handietatik xehetasunetara

Azalean, lehenik eta behin, ikuspegi globala aurkituko duzu. Bertan, zure zergen ibilbidea agertzen da, Nafarroako diru-sarrerei eta gastuei buruzko ideia orokor bat izan dezazun. Horrez gain, politiken atalera joan zaitezke. Bertan, begi-kolpe bakar batez, aurrekontua nola banatzen den eta bloke handiak zein diren ikusi ahal izango duzu. Begiratu goiko barrako koloreei: bloke horiek oinarrizko gaien arabera multzokatuta daude. Hala, ikusiko duzun bezala, aurrekontuen % 46,3 lehentasunezko ondasun publikoetara bideratzen da: osasuna, hezkuntza eta kultura.

Horiek kopuru handiak dira, baina horietako bakoitza xeheki aztertzen jarraitu dezakezu, informazio askoz zehatzagora iritsi arte. Adibidez, gizarte-zerbitzuak eta gizarte-sustapena ataletik, autonomia pertsonala eta mendetasunari arreta ematea atalera pasatu zaitezke eta partida hori xeheki kontsultatu dezakezu.

Ez aurrekontuetan jasotakoa bakarrik, baita gastatzen duguna ere

Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko webgunean, aurrekontuak nola banatzen diren modu bisualean azaltzeaz gain, hiruhilekoko aurrekontu-gauzatzearen egoera ere islatzen da. Zer esan nahi du horrek? Eguneratze-datara arte partida bakoitzetik zenbat gastatu den jakin dezakezula. Horrela, gastatutakoa aurrekontuan jasotakoarekin batera agertzen da tresnako taula guztietan, eta gainera, modu grafikoan, bistaratzeetan. Ikuspegi globala atalean dagoen grafikoko banda gorriak ikusten dituzu? Bada dagokion unera arte zenbat diru gastatu edo bildu den erakusten dute, aurrekontuetan aurreikusitako kopuru osoaren gainean (grisez markatutako eremua izango litzateke).

Eta, gainera, diru-sarrerak

Halaber, diru-sarreren partidari buruzko xehetasunak kontsultatu ditzakezu. Grafiko honetan, bloke handien banaketa agertzen da, adibidez, errentaren gaineko zerga zuzenak, Nafarroako Gobernuaren finantzazio-iturri nagusia. Ondoren, berriz, BEZaren diru-bilketa eta kontsumo zehatzen gaineko zergak datoz.

Zalantzaren aurrean: bilatzailea erabili

Partida zehatz bat kontsultatu nahi baduzu, goitik behera nabigatzea baino aukera azkarrago eta zuzenago bat dago. Bilatzailea erabil dezakezu aurrekontuak aztertzeko eta behar duzuna aurkitzeko. Jar dezagun adibide bat. Idatzi «genero-indarkeria» esaldia. Hainbat emaitza lortuko dituzu: Genero-indarkeria osotasunean prebenitzeko jarduketak deitutako gastu-programa batetik hasita beste programa batzuetako gastu-partidetara –esaterako, Herritarrak babesteko segurtasun-zerbitzuak–.

2011tik honako bilakaera

Pentsa ezazu azken urteetan gastu edo diru-sarrera jakin batek zer bilakaera izan duen ikusi nahi duzula. Orain duela urte batzuk baino diru gehiago bideratzen da partida horretara edo zerga zehatz batek diru-sarrera gehiago dakartza? Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko webgunean 2011tik honako datuak daude eta informazio hori ematen dizu. Hala, adibidez, urte horretatik aurrera zenbateko aurrekontua izan den eta zenbat gastatu den jakin dezakezu, Liburutegiak atalean

Nork gastatzen du?

Orain arte, sailkapen funtzionala edo programen araberakoa deitutakoa gainbegiratu dugu, hau da, dirua zertarako erabiltzen den. Baina, kasu askotan, zer erakundek kudeatzen duen jakitea interesgarria da. Adibidez, Osasuna programan, Nafarroako Osasun Zerbitzuaren –Osasunbidea– kudeaketa sailak kudeatzen duen zatia ikus dezakezu, banakatuta.

Zertan gastatzen da?

Azkenik, sailkapen ekonomikora iritsiko gara, edo beste hitz batzuetan esanda, dirua zertan gastatzen den ikustera. Langile-gastuak diren, ondasunen eta zerbitzuen gastuak, inbertsioak edo beste entitate batzuei egindako transferentziak. Liburutegiak atalera itzuliz gero, gehien nabarmendutako barra, urdina, langile-gastuei dagokiela ikusiko dugu. Hau da, nominen ordainketari. Eta beheko taulak informazio hori baieztatzen du: 2017ko aurrekontuan jasotako 4,5 milioi euroetatik 3 milioi langile-gastuetara bideratuta daude.

Beste adibide bat: Familientzako babesa deituriko programan, barra handiena, urdinez betiere, transferentzia arruntak ordaintzera bideratuta dago. Kasu horretan, Nafarroako Gobernuak familiei, irabazi asmorik gabeko erakundeei eta toki-erakundeei transferitzen dien dirua da.

Nola banatzen dira zure zergak? / Zure ekarpena

Zure zergen bidez egiten duzun diru-ekarpena nola banatzen den jakitea nahi dugu. Zure ekarpena atalean, aplikazio sinple bat jarri dugu, zure urteko diru-sarrera gordinak adierazita, zergadun gisa egiten duzun diru-ekarpena gutxi gorabehera nola banatzen den kontsultatu ahal izan dezazun. Adibidez, urtean 25.000 euroko diru-sarrera gordinak baldin badituzu, PFEZaren, BEZaren eta zerga berezien bidez Nafarroako Gobernuari 7.100 € baino pixka bat gehiagoko ekarpena egiten diozula kalkulatzen dugu, eta politika zehatzetan nola banatzen den erakusten dizugu, adibidez: osasunean (ia 2.000 €) eta hezkuntzan (1.250 € inguru).

Edozein zalantzaren aurrean, kontsultatu «Zer esan nahi du...?»

Hainbat kontzeptu –esaterako, aurrezpena, aurrekontuaren sailkapen motak (jakin nahi duguna zertarako gastatzen den, nork gastatzen duen edo zertan gastatzen den izatearen arabera)– eta zerga nagusien definizioak «Zer esan nahi du...?» atalean aurkituko duzun glosarioan daude. Kontsultatu zalantza guztiak.